Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


2 EREMUA/ERDIGUNEA BIZITOKIAREN ERABILERA KLASIKOA, HIRIGUNEA ETA MERKATAL ZEIN KULTURA ZENTROA

biharkolaudio-eusk @ 18:56

Karmen eta Nerbioi kaleen arteko gune paraleloa mendiraino mantentzea proposatzen da, gutxi gorabehera Planaren Aurrerapenak proposaturiko termino orokor berdintsuetan. Hori bai, zabalgune eremuan batik bat moldaketa puntual garrantzitsu batzuk proposatzen dira.

ERDIGUNEKO EREMUKO MUGARRI ERREFERENTZIALAK

Parke Linealetik bere muturretara proposaturiko elementu traktore gisako mugarriek herriko erdigunea izango dute ezinbesteko osagarri, horrela Laudioko egitura berri biziak “T” itxura izango duelarik.

LAMUZAKO KULTURA PARKEA

Lamuzako parkean eta Laudioko erdigunean nolabaiteko entitatedun kultura zerbitzu guztiak zentralizatzea proposatzen da, hegalean erabilera berriak ahalbideratuko dituzten pabilioi berriak gehituz, erabilera anitzeko Areto-Antzokia erantsiz, kultura etxea eta Kasinoa bere osotasunean birgaituz, parkea onera ekarri eta orohar gure udalerriko altxorrik garrantzitsuenetariko bati dagokion balioa emanaz, hirigintza ikuspegitik erabat utzia dago eta. Larrañoko Parke Natural berrirako sargune zuzen eta erosoak burutuko lirateke, egun definituriko baso parkeaz haratagoko herriko erdiguneko parkeen sistemara berau gehituz. Parke handi honek gainera herriko erdiguneko oinezkoen gunea barnebilduko luke, giza eskalan eremu ludiko kultural handi bat eratu eta Nerbioiko parke linealaren ardatz nagusiarekin elkarlotuz.

Pasagune eta pergola estalien bidez lotu eta homogenizatzeak erabilera handieneko eremuetan busti gabe sartzea ahalbideratuko du. Espazio handi hau etxadi handi-kultura parke gisa eratuko litzateke, seinaleztapen egoki eta informazio grafiko iraunkor batez hornituta Laudioko motore sozial nagusi bilakatuz.

Proposamen honek erabilera anitzeko aretoa antzinako Maderasen kokatzeko asmoarekin aurrez-aurre jotzen du, hortaz asmo horren berehalako gelditzea eta gaur egun ez dauden eta erabat beharrezkoak diren Latiorro auzoko ekipamendu zerbitzuetara birmoldatzea eskatuko luke proposamenak.

ALDAIKORREKA PLAZAKO AUKERA ESPAZIOAREN BERRANTOLAKETA

Herriaren erdi-erdian oinarrizko eremu honen antolaketa behar bezala aurre egin ez zaion arazoa da eta eremu indefinitu eta arazotsua izaten jarraitzen du. Gure ustez justu kontrakoa behako luke izan, izan ere, bere kokapen pribilegiatuak potentzialitate ugari eskaintzen dituen eremu bilakatzen du, Laudiorentzako aukera eremu nagusietako bat. Hortaz, oso erabakiorra izango den entitate sinboliko eta funtzionalaz hornitzea proposatzen da.

Zalantzarik gabe, arlo honen konplexutasun osoari aurreiritzirik gabe aurre egingo lioketen taldeei bide eman eta emaitza bikain bat erdiestea errazteko, ideien lehiaketa bat deitzea erabakiorra izango litzateke kasu honetan.

Aukera gisa inguru honetan etxebizitza berriak edo ekipamendu eremuak eraikitzea proposatzen dugu, izan ere aisialdirako tokiko beharrei erantzuteko adinako eremua sortu baitaiteke. Espazioaren iragazkortasun handiago bat eta beste espazio batzuekiko elkarrekiko lotura areagotu zein behin betiko bere adierazpen arkitektonikoaren biribiltasuna ahalbideratzeko ere kirurgia batzuk egitea beharrezkoa izan liteke.

MERKATU BERRIA

Bi eraikinetako bat Abastoseko merkatu berri bat izan liteke, dimentsio handikoak, bere postuak itxita geratzerakoan erabilera anitzerako aukerak zabalduz, edo postuak irekita daudenean erabilera partekatua ahalbideratuz (San Blas Azoka, Baserritarren Eguna… ospatzerakoan eguraldi txarra eginez gero esaterako). Erdigunean kokaturiko tokia, aparkaleku eroso eta hurbilak dituena, Abastos plaza berri zein zaharreko postu guztiei leku egin eta Laudioko merkataritzaren eskaintza kanpo guneetan tipologia berriekin indartzeko gai dena.

IRAGAZKORTASUNA ETA GARBIKETA FORMALA

Lehen begiratuan, etxadi berriak erdiguneko eremuarekiko (Herriko plaza, Pio XXII) iragazkortasun handiago bat lortzera bideraturiko neurriak artikulatzeak beharrezkoa dirudi, lehiaketaren bidez hain delikatua den gai honi zuzenduriko beste irtenbide egoki batzuk jaso daitezkeen.

Gainera, ibai ibilguen gaineko legediaren hasierako plangintzarekiko egokitzapena dela eta, udalaren atzealdeari lotuta dagoen hondar erpin itsatsiari irtenbide hobea bilatzeak arrazoizkoa dirudi.Bere ezabatze edo beste kontzeptu bolumetriko batengatiko ordezkatzea ezinbestekoa da, itxura guztien arabera, aipatu eremua gutxieneko kohesioa duen morfologia batez hornitu ahal izateko.

Era berean, Lamuza plaza eta Herriko plaza-Aldaikorreka plaza bitartean oinezkoen pasagunea burutu behar da, Lamuza plazaren bestaldean dagoenaren antzerakoa, hots, zabalera handi eta ibilgailuentzako seinaleztapen nabariz oinezkoentzako lehentasunezko pasagune bilakatuz.

Azkenik, Aiara Kantzelariaren azpiegiturak Lamuza Plazan integratzeari bide egiten dioten proposamenen bat lantzeari garrantzizkoa deritzogu, horrela, ate handi edo hutsuneen bidez eskola ordutegi eta egutegitik kanpo honen erabileran iragazkortasun handiagoa ahalbideratuz.

Anna Bofill Leviren hausnarketetara itzuliz,tarteko espazioen balioan sinisten dugula esaten dugu; ibilgailuek menderaturiko plaza edo kalea ez diren eta etxebizitzaren beste aldean dauden espazioen gisa sortzen diren espazioak alegia.

Auzo unitate baten baitako tokiak dira, etxebizitza izan gabe ibiltzeko espazio edo ibilian dabiltzan pertsonen topagune, estali edo estalki gabekoak, baina beti ere aire librean zabalik daudenak eta komunitarioak.

ERDIGUNEKO BESTE MOLDAKETA BATZUK:

ZAHARREN EGOITZA INGURUKO ETXE-UHARTE ASISTENTZIAL BERRIA

San Rokeko Zaharren Egoitzaren inguruan hirugarren adinari zuzenduriko zerbitzu ezberdinei leku egin ahal izango dien eremua,dagoen etxe-uhartea berrantolatu eta gune hori birsortuko duen laguntza espazio bat artikulatzea proposatzen da.

Horrela,ikuspegi misto batetik beti ere, babespeko apartamentuak gazteentzakoekin integra litezke, edo etorkinentzakoekin. Honek, egungo egoitzaren azpiegiturak oinarritzat hartu eta laguntza zerbitzu berriez horniturik, sektore ezberdinek bakoitzaren gaitasunen elkarrekiko onura eskuratzea ahalbideratuko du.

GURUTZE GORRIAREN EREMUAN ETXEBIZITZA BERRIAK ETA ODEIBARREN ERAIKITZEKO PROPOSAMENAREN DEUSEZTEA

Odeibarreko bidegurutzean proposaturiko eraikuntza, eskalaz kanpokoa eta herriko zati honetan garbi geratuko litzatekeen gune bakarrarekiko erasokorra izateagatik, ezabatzea proposatzen da. Gainera, kaleen bidegurutze eta Larrañoko biderako sarrerari behin betiko irtenbide egokia ematea zailtzen du. Sendotasun gutxieneko bi eraikinak eraistea eta atsedenerako parke txiki bat eratzea proposatzen da.Edozein kasu, ARGITSU dagoen eraikinaren mehelina errematatuko lukeen solairu askorik gabeko etxebizitza bat eraikitzeko aukera egongo litzateke.

Aitzitik, hemen aurreikusitako etxebizitzak Gurutze Gorriaren eta inguruko ortuen eremura lekualdatzea proposatzen da. Horretarako, aldez aurretik Gurutze Gorriaren eraikina babespeko etxe-uharte edo egungo lekutik gertu dagoen zerbitzugune batean txertatuko litzateke, orain bezain irisgarri izanik eta suhiltzaileengandik gertu kokatuz.

LANDALUZEN ERAIKUNTZA GEHIAGO EGITEKO AUKERAK

Badirudi Landaluzek libre dauden zelaietan etxebizitzaren bat gehiago erakitzeko aukerak eskain ditzakeela, errekaren bilakaerari leku egiteko nahikoa espazio utziz,noski. Era berean desegintzako gune liberatuari etekina atera beharko litzaioke, etxebizitzetarako, dotazio gune baterako edo ingurune aberats eta berdearekiko errespetuz jokatuko duten ostalari zerbitzuentzako.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>


Nor naiz ni

Kategoriak

Tagak

Nire Tagak

Sindikatu