Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


ALDEZ AURRETIKO KONTUAK

biharkolaudio-eusk @ 14:03

Udalak azaldutako diagnostikoa neurri handi batean gure egiten badugu ere, ez da hala gertatzen ondorio eta proposamenekin, horregatik aukera alternatiboa aurkeztea egokitzat jo dugu. Hala ere, aurrerago ikusiko dugun legez, gure eskaera nagusia hauxe da: ez dugu inon topatzen landu nahi den eremuaren ideia orokor batetik, kontzeptual batetik nahiago baduzue, abiatzen den proposamenik.

Ez ditugu konpatibletzat jotzen diagnosi hain zorrotza eta ausardiarik gabeko apostua. Gaurko Laudioko egoeraren bazterrik bazter eginiko kontakizun honetan zehatz-mehatz aipatzen denez datozen hamarkadetarako benetako perspektiba zein den ez badiogu hiri-berrosaketa erradikalari ekiten, are gehiago harritzen gaitu proposamenaren moderazioak.

Proposamena oraingo ereduaren jarraipen eta hobekuntzan zentratuko dela hitz egitea, azken lerroaldietan egiten den moduan, ironikoa ere ez dirudien zerbait da, aurretik eginiko diagnosi ezpairik gabea irakurri ostean; honen erantzukizunaren zati handi bat, duda barik, oraingo ereduan datza hain zuzen, ezgauza izan delako 60etan sortutako industrializazio basatia eta beranduago “birmoldaketa” deitu zuten desindustrializazioak eragindako anabasa gainditzeko.

Planteatutako irtenbidea ez zaigu ez handigura, ez integral ezta kohesionatua ere iruditzen. Multzo osoaren zatien arteko lotura eta interrelazio falta nabaria somatzen da.

Laudiorentzat indefinizio hamarkada batzuk proposatzen ditu eta horren ondorioz eskualdean erreferentzialitatea galduko luke. Proposamen horretan sozialki are ezinezko egiten du Gasteiz eta Bilboren aurrean lotura egiteko behar hori artikulatzeko aukera, jakinda gure geografiak horixe eskaintzen digula eta gainera PTP-ak berak Laudioren egitekoa definitzeko erabiltzen duen elementua dela ikusita.

Laburbilduz, aurkeztutako azken proposamenak aurkitutako arazoak konpontzeko beharrezkoa den gutxieneko ausardia ere ez duela baieztatzen dugu; mikroespazioen ordenazio hutsa baino ez da, horri aurreko urteetan landutako ideiak gehitu zaizkielarik. Ez da inolaz ere nahikoa etorkizuneko alternatiba estrategikoa eskaintzeko.

BEHIN-BETIKO ERABERRITZEAREN ALDEKO APUSTUA

Ezin dugu ontzat hartu defizit nagusiak pittin bat baino zuzentzean oinarria duen planteamendurik. Arduraz jokatzeak hiri desiragarri eta hobestua, partehartzaile eta berdintasunezkoa, segurua eta sartzeko erraza, orekatua eta sustengarria lortzea helburu duen planeamendua egiten behartzen gaitu.

Behin betikoz etorkizuneko Laudio diseinatu behar dugula eta hori iraganak utzi dizkigun (eta azken hamarkadek asko mugatu dituzten) aztarnekiko begirunerik handienean oinarritu behar dela irizten diogu.

Ekimen handigura, integral eta pisuzkoen aldeko apustua egiten dugu, industrializazio basatiaren inpaktua konpontzen saiatuko dena hain zuzen; ez aurreko garaietara itzultzeko helburu dagoeneko ezinezkoarekin baizik eta begiak belaunaldi berriengan eta haiei heredentzian utzi nahi diegun herrian jarrita.

Horrek gure herriarekiko konpromiso zibikoa aldarrikatzera garamatza.

Laudio mapan berkokatzeko planteamendu integral, ausart eta berria proposatzen da.

Planteamendu honen oinarria jendarte eta giza-sareak berpiztearen aldeko ekimenetan datza, ardatz nagusia hiri-sare berri misto, malgu eta funtzionalagoa, erabilpen-baterastasun handiagoduna, integrazio handiagoa duena sortzeko beharra da. Laudio berri honen lehentasunezko oinarria orain dela mende erdia kendu zizkieten industria-zonaldeak herritarrei bueltatzea izango da, gutxienez komunitate dinamikoen sorrerarako alderik oparoenak. Hurrenez hurren soziologoa eta arkitektoa diren Monika Jaeckel eta Maricke Van Geldermalsen-en oharpenekin bat egiten dugu: “Hiri-planifikazio monofuntzionalak jendarte garaikidearen belaunen arteko konpartimentazio eta banaketa dakartza. Auzo homogeneoek mugikortasuna sortzen dute, bizilagunak beste leku batzuetara joaten dira haien bizitza-funtzioak egitera. Mugikortasuna denbora eta energia kontsumitzen duen bizitza-eredua izateaz gain, hirialdeek, mugikortasunarekiko gero eta menpekoago, hain mugikorrak ez diren beste talde batzuk estrukturalki baztertzen dituzte.
Auzo sustengarriek interesen eta beharrei dagokienez anitzak diren populazioak dituzte, bizilagunek auzoaren zerbitzuan jar ditzaketen aktibo edo “kapital” motak ere anitzak dira. Baliabide ekonomikoetan baino zentratzen ez diren planteamenduek auzoetan egon daitezkeen kapital motei dagokienez inguru monokulturalak sortzeko arriskua dute.”

AURRIKUSITAKO BEHARRAK EZTABAIDAN JARRI

Arestian planteatutako erronka zehazteko orduan, ezinbestekoa zaigu Laudioren etorkizuneko beharrak adostea, erabilpen berrien zati handi bat behar horietatik eratorri behar izango baita. Gauzak horrela, udalaren proposamenak planteatutako beharren funtsezko kontuekiko gure desadostasuna aldarrikatu nahi dugu, ez baititugu inolaz ere nahiko arrazoitutzat jotzen.

ETXEBIZITZA

Etxebizitzaren gaian eta nahiz eta gure egiten ez dugun Laudioren etorkizuneko eboluzioaren projekzio erabat kontserbadorea egiten den, 7000 biztanlerentzako etxebizitzak (egun aurrikusitakoak eta berriak barne) eraikitzea proposatzen du, hau da ia Laudioko oraingo biztanleen erdia.

Abian zegoen eskaintzari dagokionean etxebizitzaren egoera –kontuan izanik hirigintzaren ikuspegitik ulertezinak diren arrazoiengatik aldi batean ez zela eraiki ezta martxan jarri ia etxebizitza bat bera ere- larria izan bada ere, badirudi gaur egun hori (eskaintza falta) ez dela arazorik larriena.

Orain dela 8 urte joera hori era nabarian irauli zen eta egun hainbeste etxebizitza daude egiten edota lizentziak tramitatuta.

Hala, oraindik ere etxebizitzaren arazo nagusia hainbeste sektore sozialek berau lortzeko duten ezintasun ekonomikoa da. Horrek gazteek independizatzeko duten zailtasunak areagotzen ditu eta baita biztanleriaren gainontzekoen zorpetze-maila izugarri altua sortu ere, ia beren bizitzen amaierararte bizimodua hein handi batean hipotekatzen direlarik.

Gure ikuspuntutik Laudiok ziklo demografiko negatiboa geldiarazi eta biztanle berriak erakartzeko gaia den gunea berriro bihurtzeko apustua egin behar du. Etorkizunean erakarpen-faktorea ez da izango seguruen industria erraldoia, milaka laguni lana eskaintzeko kapaza dena baizik eta bere ezaugarriak, bizitza-kalitatea, kultura, merkatal eta jendartearen dinamismoa.

Eta horrek garai batean ondoko herrietara jotzeko beste erremediorik izan ez zutenei bueltatzeko, gazteei aldegin behar ez izateko eta inguruko herrietako biztanleei abian den herri batean integratzeko aukera eman behar diela esan nahi du.

Baina horretarako nahikoa da egun dagoen etxebizitza-multzoa aktibatzea eta multzo berria baina ez zabalegia sortzea, hori bai, berritzailea izan behar duena.

Etxebizitza berria behar delakoan gaude baina ez 7000 bizilagun berrirentzat, baizik eta oraingo etxebizitzen eta inguruko espazioen kalitatea hobetzeko, leku desegoki, ez seguru edo ekipamendurik gabekoetan eraikitako etxe zaharrak ordezkatzeko, tipologia berriek eta bultzatzaile gisa udalak jokatuko lukeen benetako protagonismoak egingarri bihurtzen duen prezio zinez onargarrien politika ezartzeko. Funtsean, etxebizitza-parke berria oraingoa eraberritzeko eta gehien jota 2000 bizilagun berri hartzeko gaitasuna duena.

INDUSTRIA

Antzekoa gertatzen da lur-zoruaren beharrarekin.
Alde batetik ez dugu Laudiok eskatu eta behar dituen industria-moten definizioa topatzen eta horrek ziur markatzen duela ezinbestekoak diren metroen kopurua; aldiz, bi industria-eremu berri handi proposatzen dira.

Eskualde mailako industrialdeak sortzeko aukera ez da haintzakotzat hartzen eta industriaren zabalkuntza beste behin ere nekazaritza eta abelzaintzarako lurzoruen lepora jausten da.

Hala eta guztiz ere baina arrazoi desberdinengatik, kasu honetan bat egiten dugu industriarako zoruen beharrarekin. Ez ordea industria-eredu klasikoari atxikitutako enpresak bertakotzeko, daudenak berkokatu eta modernizatzeko baino; Laudiok behar duen bultzakada emateko udalez gaindiko instituzioen ezinbesteko laguntza estrategikoa ere behar da, industria teknologiko, berritzaile eta kultural berria lortu nahi bada. Industria arloan eraberritze ausartaren alde ere egiten dugu, etorkizuneko ekimenen ardatz gidaria izan behar duena.

Baina uste dugu hori guztia nekazaritza eta abelzaintzarako egokiak diren lurretan egin beharrean bestelakoetan egin behar dela eta hobeto komunikatutako edo udalerriari inpaktu txikiagoa eragingo dion lekuetan egiteko aukerak aztertu behar direla. Edozein modutan, nekazaritzarako kalitate handia duten eremuak beti-beti babestu behar izango ditugu.

EKIPAMENDUAK

Aldiz, zerbitzuetarako eremuak handiago bihurtzeko beharrarekin ados gaude baina uste dugu kontsekuentea izan behar duela baieztapen horrekin eta espazio horiek benetan bizitza dagoen lekuetan kokatu behar direla.

Ondorioz eta honaino heldu ostean, hona hemen geure

PLANTEAMENDU INTEGRALA:

3 ESPARRU HANDI

Horren arabera eta Kevin Lynch-en “Hiriaren irudia” berrirakurriz:
(...) bidezidorrak, hiri-konplexuan zeharreko mugimendurako lerro ohiko edo potentzialen sareak dira multzoa ordenatzeko balio dezaketen bitartekorik boteretsuenak. Lerro gakoek aldirietako kanalekin desberdinduko dituzten ezaugarri berezi bat edo beste izan behar dute, (...)
Ezaugarri hauek bidezidorrari jarraipena emateko moduan ezarri behar dira. Ezaugarri horietako bat edo gehiago bertan zehar behin eta berriro ezartzen bada, bidezidorrak elementu jarraikor eta bateratuaren irudia sortzen du. (...)

Horixe da geure proposamenak lortu nahi duena, 3 esparru handi hauek hemendik aurrera azalduko ditugun Laudioko bertebrazio berrirako lan-ildoak bilakatzea.

Erabilpenak argitzean eta Nerbioi ibaia bertebratzaile, elementu jarraikor eta bateratuaren zinezko indartzean datzate funtsean.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>


Nor naiz ni

Atalak

Tagak

Sindikatu