Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


SARRERA

biharkolaudio-eusk @ 14:03

Pasa den mendeko bigarren erdialdean gure lurraldean ezarri zen industriaren kokapena larrutik ordaindu zuen Laudiok hirigintzari dagokionez. Euskal Herrian zabaldu zen garapenkeria basatiaren ereduak Laudio izan zuen adibiderik argienetakoa, gure herri osoan biztanleriaren hazkuntza portzentaiarik handiena pairatu zuelarik.

Transformazio izugarri bezain erradikal honek mugatzen du gaur egungo Laudioren garapen urbanistikoaren gunea, inposatutako ekintzen bidez hirigintza basatia nahiz plangintza edota kontrolik gabea eragin baitzituen, betiere industriaren garapenaren beharren eta horrek eskatzen zituen mozkinen sorreraren zerbitzura.

Laudioren bigarren transformazio urbanistiko handia agente natural batek ekarria da baina ez zegoen inolaz ere arestian margoztutako errealitatearekin isolatua; seguruen berau izan baitzen 1983ko uriolek gurean izan zuen inpaktuaren arduradun nagusia.

Francoren diktaduraren ostean udalak abian jarri dituen hirigintza-ekimen gehienak lehen aipatu industriaren agerpen salbaiak ordurarte herrixka bat baino ez zen Laudio horretan sortutako defizit nagusiak murriztu edo konpontzeari begirakoak izan dira.

Hala izan zen, lehen agintaldietan argiago eta antzean segitu du orain dela oso gutxi arte ere.

Baina industriaren kokapen horretatik gaur egunera Laudiok behartutako hirugarren transformazio bat ere ezagutu behar izan du: desindustrializazio eta industriaren birmoldaketa delakoa.

Egun batez gure herriarekiko arrotza zen baten batek industriarako paradisua eratzea erabaki zuen era berean, hiruzpalau hamarkada beranduago baten batek ebatsi zuen Laudioko enpresa nagusia ez zela jada errentagarria.

Horrek zenbait lur-eremuren askatzea eragin zuen, baita haientzako industria-erabilpen berriak ere; baina batez ere Laudioren nondik-norakoan izugarrizko inpaktu soziologikoa suposatu zuen.

Ehunka eta ehunka lagunen aurrejubilazio eta berkokapenek egoera sozial berria sortu zuten, oraindik egun eragin nabaria utzi diguna ekonomian, etxebizitzan edota aisialdian.

Proposamen hau erditu dugunok pertzeptzio hau dugu: industrializazioaren inpaktuari (bereziki eragindako kalte erraldoien halamoduzko konponketa behin-behinekoei esker) eta sarraski natural tamalgarriari aurre egin zion Laudio ez da gai izan itxuraz hain basatia ez zen hirugarren inpaktu honetatik errekuperatzeko; oraindik ere noraezean dabil, galdutako erreferentziak jota eta berria topatu barik.

Pertzeptzio honen aurrean apostu berria, buruko eskema berria mahaigaineratu gura dugu, Laudiok etorkizunari begiratzeko aukera emango diona iraganaren errespetuan oinarrituta.

15 urte baino gehiago pasa dira “industria-birmoldaketak” Laudion bere aztarnak utzi zituenetik. Harrezkero inor ez da gai izan Laudio berriaren parametroak zuzen eta artez marrazteko.

Laudio eskualdeburu eta gune sozial eta ekonomikoki dinamikoa egiten zuten ezaugarrien gainbehera geldoa iraultzeko orain arte erabilitako tresnak ez dira egokiak izan. Ezin hobeto ikusten da hori bere gainbehera demografikoan edo hainbeste gaztek protagonizatu duten etxebizitza lorgarriagoaren bilako “ihesaldian”.

HOPO-ren berrikusketaren aurrean, beraz, gure herria egituratu eta kohesionatuko duen benetako irtenbide estrategikoak proposatuko dituen aukera gisa ikusten dugu, aro berri bati ateak zabaltzeko.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>


Nor naiz ni

Kategoriak

Tagak

Nire Tagak

Sindikatu